gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 7, osteguna
Marguerite Yourcenar
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > MARGUERITE YOURCENAR
AURKEZPENA

Marmol, granito eta mihise

"Ni" deitzen dudan gizaki hau, 1903ko ekainaren 8an munduratu zen, goizeko zortziak aldera, Bruselan…

Marguerite Yourcenar, Archives du Nord.


Urteurren orok, joan zitzaigun hura berriro ekartzen digu. Marguerite Yourcenarren jaiotzaren mendeurrena ospatzen dugun honetan, bere obran bizi diren pertsonaia andanak eta ahots ugariak —gizonezkoenak gehienak— gogora ahal ditugu. Partituren gisan bere orrialdeek mintzo gazi-gezak jasotzen dituzte: konfidentzia xuxurlatua, eskalpeloaren doitasunez narratu biografiak eta, baita desamodioaren aitortza ere. Emaitza aparta eman baitzuten sorkuntzazko 84 urtek eta kultura zabal batek.

Bere idazle heziketa lore bitxi batena izan zen. 8 urterekin Aristofanesen Txoriak irakurtzen du eta, ulertu ez arren, erakartzen du. Zerbaitek liluratzen du ere Racineren Fedran. Bere aitak irakurritako Maeterlincken Umilen altxorra mistizismoarekiko zera bat pizten dio, eta Tolstoiren narrazioetako jendetzak hunkitzen du; izan ere, entzuten baitie. Literaturaren usai goxoak erakarrita jarraitzen du irakurtzen, eta irakurketatik idazletzara pasatzen da. Hamasei urte besterik ez dituenean, Ikarok lagunduta, hegan egiten du idazletzara. Bere esanetan plagiatzen du, eta Amets hutsalen lorategia, bere lehen liburua, Gabonetako opari gisa bere aitak argitaratzen dio. Klasikoak ditu eskola, aita maisu eta mundua ikasgela.

Lehen Mundu Gerrak kontinentetik kanpora bultzatzen ditu aita-alabak, eta halabeharrak British Museum-go Hadriano birila, zakarra ia, aurkezten dio. Margueritek ez ditu uzten Greziar klasikoaren ikasketak, bere aprendiza-koadernoan zirriborratzen ari den enperadorea gorpuztu behar duenerako. Baina Hadriano, mila ertzetako pertsonaiak, 1948 arte itxaron beharko du. Halabeharrak berriro egiten du berea: Europan objektu pertsonalekin utzitako maletaren bidez, Ameriketako Monts Désertseraino—1942az geroztik han bizi baitzen— eramaten dio manuskritoa. Berriro elkarrekin Marguerite Yourcenar eta Hadriano, baina enperadorearen konplexutasuna ez da gazte denborako zirriborrotik taxuz gorpuzten. Berridazketa bat baino gehiago beharko dira "zu" bati: Marko Aureliori, zuri, irakurleari… zuzendutako monologoa paratu arte. Hala, humanismo klasikoarekin amets egiten duen Hadriano menturazale eta botere-gosea, zizelkatuta bukatzen da, prest irakurria izateko.

24 urte zituelarik, beste ahots batzuei jarri zien doinua, beste pertsonaia batzuk haragitu zituen, Alexis, edo alferrikako guduari buruzkoa liburuko gizona, esaterako. M. Yourcenarrek maite izan zuen idazletza. Bere esanetan ogia oratzea bezalaxekoa baita, bere tempus-a eta kadentzia behar dituena, eta aldi berean, mekanikariaren abilezia hitz doia hautatzen. Zeukan artisau-jitez zehaztu zituen bere liburu batzuen osagaiak: Hadrianoren oroitzapenak-en, marmola zizelkatu omen zuen; Opus Nigrum-en, granitoa; eta Iparraldeko Artxiboak deituriko familiaren biografien bilduman, mihise genealogikoaren ore lodia.

1981eko urtarrilean, 346 urteko gizon-monopolioa eten eta Frantziako Akademian sartzen da. Bere sarrera hitzaldian ez ditu ahazten Madame Staël, George Sand eta Colette, Instituzioak ateak zabaldu ez zizkien emakume idazleak. Ondoren berriro ofiziora, alegia: idaztera, berridaztera, zuzentzera.

Marguerite Yourcenarren obra marduletan barna murgiltzea, geografia urrunetan zehar bidaiatzea da. Beti gizaki kontraesankorra, bakartua, jakintzaren menturan barrena abiatua aurkituko dugularik, Opus Nigrum-eko Zenon jakin-gosea bezala, edo, bestela, bakardade latzean, Nouvelles Orientales-eko Afrodisia bezala, beste sinismen bateko maitalearen heriotza mendekatuz.

Munduko hiritar gisa eta erlijio askotariko sinesdun izanda, gaztigatu zigun ez dela on inongo Jaungoikoa esklusibitatez aldarrikatzea, ezta Jaungoiko eza ere.

Maite Gonzalez Esnal

 

Gure eskerrak Société Internationale d'Etudes Yourcenarienneseko eta Association pour le Développement des Intiatives Sportives et Culturelles de la Région de Bruxelles-Capitaleko arduradunei irakur gida hau egiteko emandako laguntzagatik.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net