Belgika
Idazlearen patuan zerikusia izan zuen bai aitaren bai amaren aldeko herentziak. Aitak, frantziar desertore, kultura eta sentiberatasun aparteko gizonak indepentziarako grina transmititu zion. Amaren ondasunen salmentak bide eman zion eguneroko kezka materialak saihesteko eta bere burua literaturari eta bidaiei erabat eskaintzeko aukera. Haur eta gazte denboran asko bidaiatu zuen –Frantziako hegoaldea, Paris, Holanda, Londres…– aitari lagun egiten ziola; hainbat irakaslek eta aitak berak kudeatu zituzten haren ikasketak. Hizkuntza ugari –frantsesa, latina, ingelesa, greziera, italiera…–jakiteak kultura handien ateak zabaldu zizkion.
Bruselan bizitzaren lehenengo sei asteak besterik eman ez bazuen ere, espekulatzaile eta mundutartzat jotzen zuen hiri hura; alabaina, Hadrianoren oroitzapenak obraren arrakastaren ondoren, berriro adiskidetu zen hiriburuarekin, zenbait idazle, hala nola Carlo Bronne, Georges Sion eta Suzanne Lilar ezagutu-eta. Azken hori bisitatu ohi zuen bereziki, haren Sablon-go etxean. Hala eta guztiz, beti ere, erditzearen ondorioz ama hil zitzaion eta aita lurperaturik zeukan hiria zen Brusela Yourcenarrentzat.
Bruselako elizak, kultura lekuak kultu lekuak baino areago, artea ezagutzen hasteko lehen guneak izan ziren seguruenik. Sainte Croix eliza, haren bataio-lekua; Laeken-goa, aita bertako hilerrian zetzala; Saint Gilles, gurasoak bertan ezkondu eta amak behiala bisitatu ohi zuena, eta Carmes-koa dira Yourcenarren erromesaldi estetiko haren gune funtsezkoenak. Zenbait urte geroago, Salvador Dali «Alexis»-en kasuaz interesaturik, marrazki batez irudiztatu zuen luxuzko edizio batean. Belgikako Errege Akademian sarrera egin zuenetik Astoria eta Amigo hoteletako egonaldietara bitartean, Bruselak, eta Grand-Placek bereziki, toki hauta hartu zuen haren bihotzean.
Dena den, Brujas izan zen Zenon «Opus nigrum» eleberriko heroiaren etxearen kokalekua, eta beti ikustatu nahi izaten zuen "t'Pandreitje" hotelean egindako egonaldietan. Handik aski hurbil zegoen Ter Woeste landetxea, zistertar ordenako abatetxe baten aztarna; bestalde, Damme-ko hilerria, denbora batez, betiko atseden gune nahi izan zuena, eta maiz haren pasealekua izan zen Zwin-go natura erreserba dira Yourcenarren beste toki kuttun batzuk.
Artea eta museoak direla bide, inspirazio eremu zabala izan zen Belgika Yourcenarrentzat. Bruselako Antzinako Artearen Museoa izan zen horietariko bat; bertan, hainbat ikustaldi egin zuen Brughel, Rubens eta Rembrandten obrak begiestearren. Azken margolari hori hain estimu handitan zeukan non harekiko leinu-loturaren bat zuela esatera iritsi zen.
Asko dira Belgikarekin zituen loturak –familiartekoak, lagunak, kultura alorrekoak–, eta horren testigantza ematen digu Jainkoak ez dira hil obra bere haurtzainari eskaini izanak, eta Brujasko ingeles komentuko serora batekin zuen adiskidetasunak. Azkenik, nahikoa da haren familiaren jatorriaz diharduen Munduko labirintoa irakurtzea horretaz konturatzeko.