Grace Frick eta Jerry Wilson
Parisera itzulirik 1937an, amerikar emakume unibertsitario bat ezagutu zuen; Azken tiroa hari eskainia dago. Haien harremanetan, hainbat eginkizun bereganatu zituen Gracek: testu zuzentzailea, itzultzailea, artxibozaina, bai eta lan emailea ere, familiako dirua agortu zenean. Idazleari guztiz atxikia izanik, Grace Frick-ek asko lagundu du haren ospea erakitzen.
Gerratik ihes eginez, Estatu Batuetan babestu ziren. Hamaika urte geroago itzuliko ziren Frantziara. Hadrianoren oroitzapenak, erromatar enperadore haren bizitza eta Antinoo gaztearenganako amodioa kontatzen dituen eleberriaren arrakasta izan zen itzulera haren ospakizuna. 1951en kaleratu zen obra hori, baina haren iturria aurkitzeko 1924era jo behar, Erromako Villa Hadriana lehenengo aldiz ikustatu zuen garaietara.
Arrakasta hura 1968ko maiatzean berretsiko zen, Opus nigrum obra zela bide. Zenonek, eleberriaren protagonistak, ikasleen matxinada hartako eragileek bezala, kontzientzia hartzen du amiltzen ari den munduaz, eta etorkizun hobe baten oinarriak jarri nahi ditu. Errealitatea fikziora hurbilduko da zenbait urte geroago, Graceren minbiziaren berriari aurre egin beharko dionean.
Horren gutunetariko batzuk gorderik daude Harvardeko Unibertsitatean, eta ezin eskuratuko dira harik eta berrogei urte pasa arte. Seguruenik, ñabardura anitzez hornituriko militantismo baten aztarnak –pertsonaien izaeraren bidez azaldurikoak– berretsi besterik ez dute egingo gutun horiek.
Grace 1979an hildakoan, beste gizon bat sartu zen haren bizitzan. Urte bat lehenago aurkituriko argazkilari bat zen, haren etxera hurbildu zen frantses telebistako talde batekin agertu zena. Hogeita zortzi urte zituela, Jerry Wilson-ek asko lagundu zion bizimolde geldi hartatik ateratzeko, munduan zehar bidaiatzeari ekin baitzioten elkarrekin. Idazlearen idazkari bihurtu zen, eta agian maitalea ere. Yourcenarrek hirurogeita hamabost urte zituen orduan.
Ametsa amesgaizto bilakatuko zen: guztiz gomendagarri ez zen gizonezko bat aurkiturik, Jerryk dirua ebatsi nahi izan zion. 1985ean hiesak kutsatua izanik, urtebete geroago hil zen meningitis baten ondorioz. Horren desagerpenari lagun berriarena jarraitu zitzaion, handik denbora gutxira. Marguerite Yourcenarrek, guztiz atsekabeturik, behiala ibilitako lekuak bisitatu zituen berriro, gero «Petite Plaisance»ra erretiratu zen eta han, 1987ko abenduaren hamazazpian, garun-atake batek jo eta zendu zen.