gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko urriak 3, osteguna
Marguerite Yourcenar
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > MARGUERITE YOURCENAR
MARGUERITE YOURCENARREN BIOGRAFIA


Gutunak

Gallimard argitaletxeak kaleratu hirurehun gutunetatik, aparteko gizaki baten gogoeta-gai eta kezken aniztasuna eta nolakotasuna nabarmentzen dira; harremanak izan zituen era askotariko jende ospetsurekin, hala nola Thomas Mann, Brigitte Bardot edo Georges Pompidou. Etengabe munduari adi dagoela, aitzindari, jakintsu, sentibera, idazleak gai guztiak ukitzen ditu gutun horietan, eta horietako batzuk aparteko obratzat har daitezke, bai eta egunkari intimo baten ataltzat ere. Haren eleberrien aurrerabidea kontatzen digute beste batzuek. Berriki argitaratu den Sources II obrak gehiago azaltzen digu Yourcenarren inspirazio iturriez.

Gutun horiek, halaber, hainbat xehetasunen berri ematen digute: haur bat adoptatzeko gogoa, diru eta osasun kezkak, astrologiarekiko jakinmina, oinazea pertsona kuttunak desagertzen direnean, kezka metafisikoak, parisianismoaren mespretxua, 68ko Maiatzaren alderako berotasuna, bidaiatzeko gustua, politika, Amerika, Frantzia, juduak, sobietarrak, fokak, emakumeak, zeinak, gauza bitxia hau, gutxi agertzen diren idazlearen obran.

Nolanahi ere, mundua ulertzeko eran unibertsala bazen ere, egun oraino aurreiritzi sendoek joa agertzen zaigu Marguerite Yourcenar, literatura elitista baten barnean kokatzen baitute batzuek. Haren obrez zinemarako eginiko moldaketak gorabehera, maiz aski, hermetikotzat hartzen diren Hadrianoren oroitzapenak eta Opus nigrum bezalako eleberri batzuen egilea besterik ez da, nahiz eta hogei obra eta ehunen bat artikulu argitaratu dituen. Hala, batzuk harritu egin dira haren ipuinetako bi haurrentzako bilduma batean agertu direnean.

Dena den, literaturaren dama handi hau etorkizunaren haitzurdinean betirako finkatua dela dirudi, Jean d'Ormesson-ek zernahi pentsaturik ere, ezen behiala, gure idazlea akademiko hilezkor bilakatu beharrez, itzalean lan egin zuenak gaur egun zalantzan jartzen bide du haren oroimenaren iraupena. Gorazarre gisa, Bruselak inauguratu du Egmont-eko Parkera doan «igarobide» bat, Opus nigrum obraren aipamenez apaindua dena.

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net