gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 21, larunbata
Marguerite Yourcenar
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > MARGUERITE YOURCENAR
MARGUERITE YOURCENARREN TESTU ZATIAK - ELEBERRIA

Itzuli

Marguerite Yourcenar-en heroi guztiek bezala, Alexisek bere buruari galdegiten dio, bai mundua bai bere burua hobeki ulertzearren. Bere ezkontza galarazi duen egoera anbiguo batetik irteten saiatzen da. Gutun luze batek moldatzen du kontakizun osoa, eta berezko joeraren eta benetako bokazioaren aurka egin duen alferreko borrokaren lekuko hartzen du emaztea.… Azken tiroa Baltikoko herrialdeetan kokatzen da 1919-1920an. Eskaintzen den neskaren eta ukatzen den mutilaren istoriotik harat, beste ezer baino areago, estuasun eta arrisku berberen mendean dauden gizon biren eta emakume baten arteko espezie-komunitate bat, elkartasunezko patu bat da eleberriaren gai nagusia. (jatorrizko argitalpenaren oharra)

Alexis

 

*****

 

Landa ingurunean gertatu zen, Vivesko geraleku txikian, urrian, azaroaren aitzindari besterik ez diren urri euritsu horietako batean. Trenetik jaitsi berria nintzen; zutik negoen beirazko babesgarriaren azpian, bat-batean nire urtebetzea zela oroitu nintzen, egun hartan hogeita bigarren urtera iritsia nintzen. Aldi ilun, bihurri, alde guztietarik etorkizunari loturik ageri den eta haurtzaroa deitzen zaion horretatik aterea nintzen; nerabezaroak ere ihes egina nuen ia konturatu gabe: diploma bat eskuratzen akituriko gizon gazte pobre askorentzat hamasei urte izatea, beren eskueran ez den luxu bat da. (jatorrizko argitalpenaren kontakizuneko lehen lerroetatik hartua)

Euridize berria

 

*****

 

Badira sukar-mende batzuk, gizakiak gehiago amestu, haratago bilatu, saio gehiago egin ditueneko garaiak. Halako mendeetan, gerra, matxinada eta zientzia abenturaren hiru alderdiak dira; horietan, pasioak ez du indar gehiago, noski, baina bai saiatzeko aukera gehiago. Vienan, Louvren, Holandan, hilak ikusgai dituen hilerriak ere diren museoetan, ezezagunen erretratu batzuek, pertsona ospetsuenak horietako zenbaitek, finkatu egiten dituzte guretzat oldar horiek eta berotasunaren jausialdi horiek, bizitzeko grina hori eta hiltzeko beldur hori. Aurpegien gainean izena ez ezik, bizitza bat ere jartzea da ikerlarien nahia. Barkagarri bekit, hala espero dut, hiru margolariri jarraiki, hiru ziriborro hauek saiatu izana. (jatorrizko argitalpenaren hitzaurrea)

Herioak orga darama

 

*****

 

Liburu honek gogora dakarzkigu faszismoaren XI. Urteko Erroma haren alderdi berezi batzuk, beren errealitaterik bizienean baina baita beren ezkutuko alegorian ere. Liburuan bada giro antifaszista jakin batzuen benetako pintura bat, bai eta horien matxinadaren dramarena ere, klandestinitatea eta porrota beste irtenbiderik izango ez zuena, diktaduraren urte oparo eta gailen omen ziren haietan. (jatorrizko argitalpenean agertu oharretik hartua)

Ametsaren denarioa

 

*****

 

Bilduma hau ez da ezein orientalistaren obra, baizik eta Ekialdea maite duen nobelagile batena. Iturrietan interesaturik legokeenarentzat, esan dezagun berehala antzinako ipuinek, libreki egokiturik, iradoki dituztela hemengo elezahar kutsuko kontakizunak; Ekialde Hurbileko laborantza bizitzari eskainiriko ipuinek, aldiz, zinezko herri gertaerak dituzte abiaburu; Andre Dena Maria Enaretakoa, bestalde, Atikako haran txiki galdu bateko kaperatxo bakartiaren izen ederretik dator soilki, eta Genghi printzearen azken amodioa izenburukoan, Japoniako eta munduko amodio eleberri klasikoen artean maisulan den horretan, azken hitza eranstera menturatu da egilea, hots, Clèvesko Printzesa zenbait orrialdez gehitzearekin konpara litekeen ausardia. (jatorrizko argitalpenean agertu oharretik hartua)

Ekialdeko ipuinak

 

*****

 

Goizaldeko bostak ziren, euria ari zuen, eta Eric von Lhomond, Zaragoza aurrean zauritua, italiar itsasontzi batean artatua, Alemaniara eramango zuen trenaren zain zegoen, Pisako geltokiko buffetean. Gizon ederra zen, berrogei urteetan egon arren, halako gaztetasun gogortuan finkatua; Eric von Lhomondek asaba frantsesei, Baltikoko amari, Prusiako aitari zor zizkien bere perfil estua, begi urdin argiak, garaiera handia, irribarre bakanen harrotasuna eta takoi klaska hura, engoitik oin hautsiak eta bendetan bilduak eragotzia zuena. Heldu zen bi argien arteko ordu hori, jende sentiberak bihotza zabaltzen duen, kriminalek aitortzen duten, isilenek berek ere istorio edo oroitzapenen poderioz logurari aurre egiten dioten ordua. (jatorrizko argitalpenaren lehen lerroetatik hartua)

Azken tiroa

 

*****

 

Obra honi –aldi berean eleberri, historia eta olerki denari– harrera ezin hobea egina dio mundu osoko literatur kritikak. Erromatar enperadore handi baten Oroitzapenak irudikatuz eta birsortuz, egilearen asmoa zera izan da: "XIX. mendeko arkeologoek kanpotik egin zutena barnetik berregitea", berak dioskunez. Bere giza bizitza eta bere obra politikoa zorrozki epaitzen dituen Hadriano honek badaki, jakin, bere Erroma handi hori, handia izanik ere, egunen batean suntsitua izango dela; inoiz ez dio uko egingo, alabaina, erromatar errealismoa eta grekoengandik jarauntsitako humanismoa gidari dituelarik, azken bururaino pentsatzen eta zerbitzatzen jarraitu beharra dagoela diotsan sentimendu sakonari. (jatorrizko argitalpenaren euskarazko itzulpenetik hartua)

Hadrianoren oroitzapenak

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net