gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko urriak 3, osteguna
Marguerite Yourcenar
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > MARGUERITE YOURCENAR
MARGUERITE YOURCENARREN TESTU ZATIAK - SAIAKERA

Itzuli

Henri-Maximilien, Montluc-en borroka laguna Sienako setioan, aitoren seme ausart eta ikasia, zuhurtasun humanistatik zegokion ataltxo proportzionalaren jabe zen; haren babesle eta adiskidea, Cordeliers-ko priore jainkotiarra, jaun handia, adinean aurrera zihola ordenatu zen, munduko gaiztakeriak eta desordena zirela-eta erdiratua zuen bihotza, justiziaren grina eta karitatea neurri berean biltzen ziren haren baitan. Liburu honen barnean, konpartsek, merkatariek, bankariek, elizgizonek, langileek, adin eta maila orotako emakumeek aurrera eta atzera dabilen herri oso bat osatzen dute, pintoreskoari ezertan men egin gabe, eta 1510-1569 urteak erakusten dizkigu ia inoiz erabili ez den ikuspegi batetik… (jatorrizko argitalpenetik hartua)

Opus nigrum

 

*****

 

Napolesen sortua zen 1575ean, Sant'Elmo gotorlekuko harresi lodien barnean. Don Alvaro, haren aita eta tokiko gobernadorea, bertan finkatua zen penintsulan urte mordoa eman ondoren. Erregeordearen uste ona bereganatua zuen, baina baita herriaren abegia eta Campaniako aitoren semeena ere, zeinek eskuarki ez zituzten ongi eramaten espainiar funtzionarien gehiegikeriak. Gutxienez, inork ez zuen haren zintzotasuna zalantzan jartzen, ez eta haren odolaren bikaina ere… (jatorrizko agitalpenaren lehen lerroak)

Anna, Soror...

 

*****

 

Nathanael Frisiako uharte txiki batean hil zelako berriak Amsterdamera iritsi zenean ez zuen aparteko oihartzunik eragin. Haren osaba Eliek eta izeba Evak aitortu zutenez, espero izatekoa zen amaiera hura; bestalde, bi urte lehenago, Nathanael hiltzekotan egona zen Amsterdamgo ospitalea; bigarren heriotza hark, nolabait esan, ez zuen hunkitzen jadanik. Haren emazte Sarai (haren emaztea ote zen?) gizona baino lehenago hila zelako zurrumurrua zebilen, hobe ez saiatzea nola gertatu zen jakiten. Lazare, bien semeari dagokionez, Elie Adriansen-ek ez zuen bere burua ikusten umezurtzaren bila Judenstraat-en barna zihoala, nola edo hala haren amonatzat aurkezten zen eta begiak sobera beltz eta biziak zituen atsoaaren etxe aldera. (jatorrizko argitalpenaren lehen lerroak)

Gizon ilun bat, goiz eder bat

 

*****

 

Sortu nintzenean dantzan egiten zuen izar batek, dio Shakespeare-ren heroi batek. Ingeles emakumeez ari bagara, beti Shakespeare-rengana itzuli behar. Mrs Woolf-en sakontasun dirdiratsua, arintasun lotua eta batek daki zein zeru abstraktu, estilo baten pultsazio izoztuak, aldian zeharkatzen duena aldian zeharkatua dena, argia eta beira, burura dakarzkigutenak gogoan hartzeko pausatuz gero, esango genuke hain era sotilean berezia zen emakume hura mundura jaiotzean, minutu hartantxe agian, izar bat pentsatzen jarri zela. (jatorrizko edizioaren hitzaurreko lehen lerroak)

Uhinak

 

*****

 

Herrialde desberdinen literatura mugimenduen artean, desfase bat izan ohi da ia beti. Amerika berriro naturalista bilakatu zen, Frantzian naturalismoa maldan behera zihoala. Horra non hilen artean pizten duten Henry James, gurean Hemingway, Steinbeck eta Caldwell arrakastatsu gertatzen diren unean. James-en eleberri eta kontakizun guztiak berrargitaratu, aztertu, iruzkindu egiten dira Estatu Batuetan. Belaunaldi gazteenetako kritikari serioenek –Edmund Wilson, F.-O. Matthiessen, W.-H. Auden– liburuak edo azterlanak eskaintzen dizkiete. Europar estetatzat joz, gaitzetsi egin zuen Amerika hark, harrotasunez erreibindikatzen du orain, eta zenbaitek egundainoko amerikar eleberrigile handientzat aldarrikatzen dute. Aintzaren gorabehera hauek ohiko gauza dira literaturaren historian; nolanahi ere, James-en hau azkarren eta ustekabekoenetako bat da. (jatorrizko argitalpenaren hitzaurretik hartua)

Maisiek zekiena

 

*****

 

Kavafis-en (1863-1933) aurkezpenaren ondoren, haren poemen itzulpen osoa ageri da, Marguerite Yourcenar eta Constantion Dimaras-ek burutua: Grezia modernoaren olerkari ospenetsuetako bat da Kavafis, handienetako bat ere, sotilena nolanahi ere, berriena agian eta, hala ere, iraganaren mami agortezinaz hornituena. (aurkezpenaren lehen lerroak)

Konstantino kavafisen aurkezpen kritikoa

 

*****

 

Kontzertuek eta filmek ohitu egin du Europako jendea Negro Spirituals-en musikarekin; horien hitzak, ordea, ez dira horren ulergarri gertatzen frantses entzulearentzat, are ingelesa dakienarentzat ere, Hegoaldeko Estatuetako beltzen forma dialektal horiek nahasirik: hitz anglosaxoi horiek, gizon beltzen ahots beroak eraldaturik eta urturik bezala agertzen baitira. Haatik, testu horiek, eta ez bakarrik horiekin batera doan musika, benetako maisulanak dira maiz askotan (jatorrizko argitalpenaren hitzaurretik hartua)

Ibai sakona, erreka iluna

 

*****

 

Aurrerago aurkituko dituzun olerkien egilea orain laurogei urte dituen amerikar emakume ia ezezaguna da. Geroago adieraziko dut zein bertutez dohaturik ikusten ditut bertso ilun eta trinko horiek. Lehenik eta behin, marraz dezagun silueta bat, eman ditzagun zenbait argibide obra bat azaltzeko balio izango dutenak edo, alderantziz, pertsonaren, bizitzaren –edo horretaz ezagutzen duguna– eta obraren artean hain maiz gertatzen bide den aldea azpimarratzeko… (jatorrizko argitalpenaren hitzaurreko lehen lerroak)

Hortense flexner-en aurkezpen kritikoa

 

*****

 

Hemen irakurriko diren antzinako greziar olerkien itzulpenak, hein handi batean, neure gozamenerako moldaturik daude, hitzaren zentzurik hertsienean, hots, argitaratzeko batere ardurarik gabe. Hori bera gertatzen zaie poemen aurretik ageri diren oharrei, labur edo luze, lehen buruan, nik neuretzat bildu informazioak edo saiatu ebaluazioak baitira. Olerki horiek, edo olerki zati horiek, itzultzerakoan, nire jardunbidea ez zen ezertan bereizten behialako margolarienetik, zeinek antzinakoaren arabera marrazten zuten edo lehenagoko maisuen pinturen arabera zirriborratzeari ekiten zioten, aurrekoen artearen sekretuetan hobeki barnatu beharrez, ez eta musikagileenetik ere, noizean behin Bach edo Mozarten pasarteren bat behin eta berriro lantzen zutenak, hartaz gozatu eta aberastu beharrez. (jatorrizko argitalpenetik hartua)

Koroa eta lira

 

*****

 

Kantu beltzaren edertasuna, bizitasuna, alaitasuna, tristura, lur-arras edo zeru-arras, etengabe auhenaren diapasonera jaitsi edo oihuarenera igotzen dena, berriro azaltzen ahalegindu baino areago, nahiago nuen beltzak aurkitu ditudan aldiak gogoratzea; elkartze horiek ia beti laburrak eta osatu gabeak izan badira ere, haien izaera eta bizimoldea hobekixeago ulertzeko bidea eman didate. (jatorrizko argitalpenaren hitzaurretik hartua)

Blues & Gospels

 

*****

 

Urriaren 3 edo 4an, Bangor-eko (Maine) ospitalean nengoela, bertan bi egun neramala, eta goiz hartan angiograma bat jasanik, Jerry Wilson-ek, Paristik bi edo hiru egun lehenago etorria zenak, gaixorik bera ere, esku artean paratu zidan malakita plaka zoragarri hura, New Delhi-n hainbat aldiz ene tratuen xedea izan zena, 1983an eta 1985ean, beraren urtebetetzean eskaini nahiz, eta azkenean aurreko martxoaren 22an eman niona. Liburutto honi Gauzen ahotsa izenburua jartzea erabaki dut; ia nirerik ezer ez dauka, salbu itzulpen batzuk, baina oheburuko liburu eta bidai liburu gisa baliatu dut, bai eta zenbaitetan adore hornidura gisa ere. (jatorrizko argitalpenaren hitzaurretik hartua)

Gauzen ahotsa

 

*****

 

Zinozefalos-en, Tebasko auzunean sortu zen, abuztuan, hirurogeita hamabosgarren Olinpiadetako hirugarren urtean. Ilbete argitsuaren eta Siriusen distiraren garaia zen. Orduan, Hesiodok dioenez, ahuntzak gizen daude, ardoa ona da, emakumeak guztiz lizunak, eta gizonak ahuleriak joak dira, Siriusen beroak gorputza ahitzen duelako. Inork ez du zalantzan jartzen bertso horiek, jadanik berrehun urte inguru zituztenak, maiz errepikatuko zirela sehaskaren inguruan. Tradizioei begirunea zien Tebasko jendeak maitatu behar zuen Askrako olerkari serioa, lasaitasun handiz eguneroko bizitzaren kontu txikiez arduratuzen zen hura. (jatorrizko edizioaren lehen lerroak)

Pindaro

 

*****

 

Marguerite Yourcenar-en sei saio berri, gai bat balioesteko, edo berriro balioesteko, sei ahalegin, "begiak zabalik" ekiteko, Hadrianoren oroitzapenak obraren Hadriano hark ez du aspaldi egin bezala, azterketak eramango gaituen argibideen edo hipotesien azken bururaino iristearren. Azterlan bat Historia Augusta-ri buruz: kronika bortizki partzialen bilduma, eskandalagarriak askotan, egiaren eta gezurraren arteko maila desberdinetan kokatuak, baina gainbeherako Erromaren historiarako iturburu garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen duena. Bi lan Errenazimenduari buruz, bata Agrippa d'Aubigné-ren Tragikoak obrari eskainia, eta olerkari ilun eta handi horretatik harat, are gehiago gizakiaren intolerantziari eta ankerkeriari, XVI. mendean hartu zituzten moldeetan; beste lanak, Chenonceaux-eko antzinako harriei buruzkoak, behialako egoitza handi bateko biztanleen bizitza asaldatua eta egongaitza gogoratzen du, bai eta diruaren tragikomedia, belaunaldiz belaunaldi behin eta berriro jokatzen dena dekoratu eder horien artean. Beste lan batek Piranesiren alegiazko espetxeak eta maisulan bitxi horien arrazoi tekniko eta psikologikoak ditu aztergai. Beste bi lan, azkenik, literatura modernoaren bi izen handiri eskainiak daude: Konstantino Kavafis olerkari neogreko enigmatikoa, iragan bikoitz baten nozioek obsesionaturik beti (bere amodiozko iragana eta iragan helenistikoa edo bizantziarra); Thomas Mann, Mendi Magikoa eta Doktor Faustus bezalako obren egileak jakintza tradizio zahar batekin zituen harremanak, hots, mundua barnetasun espezien bidez ezagutzea aldarrikatzen zuten hermetista eta alkimistekin. (jatorrizko argitalpeneko oharra)

Inbentarioaren arabera

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net